Noticia
"TXINATARREK DUTEN EGUNEROKO BIZIMODUA DA GEHIEN HARRITU GAITUENA, ANTOLATUTAKO KAOSA BAITA" Imprimir

Jon De Andres eta Danel Mazmela arrasatearrak, Mondragon Unibertsitateko beste klase-kide batzuekin uztaila amaieran joan ziren Shangaira. Bertan Lidergo Ekintzaile eta Berritzaileko lehenengo promozioko ikasle talde batek sortutako proiektua ari dira garatzen


 

Uztailaren 24an hartu zuten Txinarako hegaldia Jon De Andres (Arrasate, 1992) eta Danel Mazmela (Arrasate, 1992) Mondragon Unibertsitateko ikasle arrasatearrek. Bertan, hainbat klase-kideen laguntzarekin -Nerea Mendizabal eta Ibai Martinez donostiarrak, Garazi Konde elgoibartarra eta Imanol Ribera Hondarribiarra-, Lidergo Ekintzaile eta Berritzaileko lehenengo promozioko ikasle talde batek hasitako proiektua ari dira garatzen. Oso gustura daude bertan, halere txinatarren eguneroko bizimoduak harritu diela aitortzen dute, “antolatutako kaosa baita”. Telebistan agertzen den Sinosuke marrazki bizidunak bezala, barre artean neska txinatarrak atsegin dituztela diote Mazmelak eta De Andresek. Irailaren 13an itzuliko dira Arrasatera, dena den, urtarrilean berriro ere bisitatuko dute Txina.


Nola suertatu zen Shangaira joateko aukera?

2012. urtean, Lidergo Ekintzaile eta Berritzaileko lehenengo promozioko ikasle talde batek, Txina eta Indiako ikasketa bidaian sortutako proiektu batean ari gara lanean. Txinan zeuden bitartean, Mondragon Korporazioak Kunshan-en duen industria-parkean egin zuten bisita baten ondorioz sortu zen ideia, eta aurtengo udan gu bigarren fasea garatzera etorri gara.


Zenbat denbora emango duzue bertan?

Uztailaren 24an ekin genion Shangairako bideari Madrilgo Barajas aireportutik, eta hemen hilabete eta erdi inguru emango dugu, irailaren 13an bueltatuko baikara Arrasatera.


Zehatz-mehatz, zein da garatzen ari zareten proiektua?

KooperAKTIbistak izeneko proiektua garatzera etorri gara batez ere. Pasa den martxoan Kunshan-eko parke industrialean lan egiten ibili ondoren, behar batzuk identifikatu ziren bertako langileekin elkarlanean, eta gure oraingo helburua hauei irtenbidea bilatu eta horiek martxan jartzea da. Bestalde, urtarrilean bigarren promoziokoa ikasleok berriz ere etorriko gara Txinara, baina gure ikaskide guztien laguntzarekin. Bidai horretan bisitatuko ditugun enpresekin harremanak egiten ere arituko gara: Performics, Web2asia, Haworth, Dad asia ...


Izan al duzue Shangai edo inguruak bisitatzeko aukera?

Aitortu beharra daukagu orain arte ez garela Shangaitik mugitu. Beste herri txiki batzuk bisitatu izan baditugu ere, ez dugu turismoa egiteko paradarik izan oraindik. Hala eta guztiz ere, izan badaukagu asmoa datorren astebukaeran beste inguru batzuk bisitatzeko: Huangshan-eko "Montañas Amarillas” adibidez. Shanghai oraindik guztiz ezagutu ez arren, ikusi dugun hiri handienetako bat da, eta bisitatzeko moduko hainbat txoko daude bertan. Atzerritarrendako tokirik erakargarrienak "Pudong" eta "The Bund" dira, eraikin altu eta ikusgarrienak biltzen baitira bertan. Halere, txinatarrek duten eguneroko bizimodua da gehien harritu gaituena, antolatutako kaosa baita.


Denbora librerik al duzue?

Egia esan orain arte astebukaeratan bakarrik izan dugu aisialdirako tartea, astean zehar alde batetik bestera ibiltzen baikara etengabe, hiria oso handia delako. Egia da inguruak gainetik ikusi ditugula, baina, aurretik esan bezala, oraindik ez dugu turismoa egiteko paradarik izan. Gaualdean kirola egiteko tartetxoa bilatzen dugu, eta gimnasio batera joaten gara.

 

300 (id: 7370192)

Oro har, nolakoa izaten ari da esperientzia?

Momentuz, oso gustura gaude. Proiektua garatzeko oso gogotsu etorri ginen, eta orain arte gauzak bide onetik joan dira. Enpresetara egiten ari garen bisitei dagokienez, oso harrera ona izan dugu guztietan, eta urtarrilean proiekturen bat garatzeko aukera izatea espero dugu. Honetaz gain, esperientzia honekin asko ikasten ari gara txinatar kulturatik, eta hizkuntza aldetik ere gure ingelesa eta txinera hobetzeko aukera izan dugu. Gauzak horrela, eta laburbilduz, oso pozik gaudela esan beharra dago.


Asian zaudeten lehengo aldia al da hau?

Bai, guretzako lehenengo aldia izan da honako hau. Dena den, proiektu honen taldeko 2 pertsona aurretik egonak ziren Shangain, eta oso lagungarria izan da beraien esperientzia, batez ere aurreneko egunetan, nondik nora eta nola mugitzen jakiteko. Datorren urtarrilean gu izango gara gure taldekideekin lan hau egingo dugunak , beraz gauzak horiek guztiak ondo ikastea komeni zaigu!!!


Nolakoa da Shangai, eta, oro har Txina, Euskal Herriarekin alderatuta?

Guztiz ezberdina da. Shangai oso jendetsua da eta, kaleak beti daude pertsonez gainezka. Gehien harritu gaituen gauzetako bat trafikoa izan da, ez dituztelako semaforoak errespetatzen, eta bi aldiz begiratu beharra dago errepidea gurutzatzen hasi aurretik. Honez gain, auto gidariek bozina asko erabiltzen dute bidegurutzeak zeharkatu behar dituztenean, beraz, Arrasaterekin alderatuz, hiri nahiko zaratatsua dela esan dezakegu. Hasierako egunetan ere dezente sufritu genuen bero eta bertan dagoen usainekin, dagoeneko, baina, ohitu gara horretara. Neska txinatarrak ere atsegin ditugu, telebistako Sinosukek bezala (barreak).